Teknologia kuantikoek isilpean ari dira eraldatzen mundu digitalaren egungo egoera. Nahiz eta historikoki akademiaren esparruarekin lotuta egon, gaur egun bere eragina gero eta nabarmenagoa da sektore estrategikoetan: energia, osasuna, automozioa, banka edo farmazia-industria, besteak beste. Iraultza hau hiru ardatz nagusitan egituratzen da: konputazio kuantikoa, komunikazio kuantikoa eta sentsorika kuantikoa. Erritmo desberdinetan ari dira garatzen, baina guztiek dute ezaugarri bateratu bat: teknologiaz dugun ulermena berriro definitzeko gaitasun disruptiboa.
Konputazio kuantikoaren kasuan, galdera ez da jada funtzionatuko duen ala ez, baizik eta nola aplikatu modu eraginkorrean enpresetan. LKS Next-en hori egiten ari gara: zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta enpresekin elkarlanean, aurrerapen zientifikoak soluzio aplikagarri eta neurgarri bihurtzen. Eta ideia argi baten abiapuntutik egiten dugu: konputazio kuantikoa ez da soilik teknologia bat, errealitatea programatzeko hizkuntza berri bat da.
Urtebete eskasean, aurrerapena ikaragarria izan da. Dagoeneko posible da algoritmoak diseinatzea, siliziozko txipetan exekutatu ordez, partikula errealen egoera kuantikoak zuzenean manipulatuz. Sistema horiei “qubit” deitzen zaie, eta hainbat egoeratan jarduteko gaitasuna dute aldi berean, horri esker irtenbide posibleak paraleloan esploratu eta abantaila nabarmenak eskaini ditzakete simulazioan, optimizazioan, datu-analisian edo adimen artifizialean.
Berri ona da hardware kuantikoa existitzen dela dagoeneko, cloud plataformen bidez eskuragarri dagoela eta geroz eta hizkuntza irisgarriagoekin programa daitekeela. Badira liburutegiak konplexutasun fisikoa ezkutatzen dutenak eta softwarearen arloan diharduten profesionalek fisikari teoriko izan beharrik gabe sistema kuantikoetan soluzioak garatzeko aukera ematen dutenak.
Eta hor hasten da funtsezko profil berri baten beharra: datu-zientzialari kuantikoa. Datu-ereduak eta arkitektura kuantikoak ulertzen dituen profesionala, IA, simulazio aurreratua edo eredu prediktiboak integratzeko gai dena, algoritmo kuantikoetan exekutatzeko moduan. Ez da zientzia fikzioa, dagoeneko martxan dauden aplikazioez ari gara: material berrien modelaketa, sendagai berriak, bikote digitalak, segurtasuna, inferentzia-motorrak edo gomendio-sistemak ikuspegi kuantikotik birpentsatzen ari dira.
Ez da fisikarien edo matematikarien eremu esklusiboa. Ekosistema kuantikoak behar ditu baita ere ingeniari informatikoak, eredu konplexuak kode eraginkor bihurtzeko gai direnak; datu-zientzialariak, ingurune probabilistikoetan eredu erabilgarriak identifikatzeko gai direnak; eta industria, mekanika edo kimikako profilak, simulatu edo hobetu nahi den eremu fisikoa ezagutzen dutenak.
Horrez gain, konputazio kuantikoa lankidetza teknologia bat da berez. Mundu-mailako open source komunitateak ari dira lanean algoritmo, framework eta plataforma partekatuetan, berrikuntza dinamika historikorik gabeko batean. Testuinguru horrek behar ditu ikuspegi global eta diziplina anitzeko profesionalak.
LKS Next-en uste sendoa dugu une erabakigarri baten aurrean gaudela. Belaunaldi berri bat prestatu behar da tresna hauek erabiltzeko ez ezik, haien garapena gidatzeko eta aplikagarritasuna hemendik, gure ingurutik, bultzatzeko. Erantzukizuna da, eta aukera handia aldi berean. Gure konpromisoa argia da: trantsizio teknologikoa sustatzea eta aldaketaren erritmoa markatuko duten profesionalak prestatzea.
Konputazio aro berri baten atarian gaude. Eta datu-zientzialari kuantikoa izango da protagonistetako bat.
